Datorren ekainaren 28an 11:30etan Xabierko Santutegian (Nafarroan) inauguratuko da “Paraguaiko Erredukzio Jesuitak: denboran irauten duen abentura liluragarria” erakusketa. Muntaia honek Ameriketako ebanjelizazioaren une liluragarrienetako bat gogorarazten du: erredukzio jesuiten esperientzia.
Bertan izango dira, Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Gotzain Mons. Francisco Perez Gonzalez, Jesusen Lagundiko Loiolako Probintziako Aita Probintzial Juan Jose Etxeberria SJ, Xabierko alkatesa Mª José Guindano , eta Nafarroako Gobernuko eta Paraguaiko Enbaxadako ordezkaritzak.
Erakusketa bisitatu eta hitzaldien ondoren, Iruñeko San Ignazio Eskolako Loyola Eskolaniak zenbait pieza koral abestuko ditu.
Erakusketak, Francisco de Jasso Aretoko Shurhammer gunea oso osorik betetzen du (300 m2). Nagusiki argazkiak, hainbat azalpen daramaten argibide-taulak eta ondoko erredukzioen hiru maketa eder dauzka: San Ignacio Miní (1610, gaur egungo Argentina), Santos Mártires del Japón (1639, gaur egungo Argentina), eta Jesús de Tavarengué (1685, gaur egungo Paraguay). Bisitariak era beran, Erredukzioen Ateen eskala handiko erreprodukzioak gozatu ahal izango ditu.
Enrique Climent S.J. jesuitak zuzendutako erakusketa hau, iazko abuztuan Aita Santua ikustera Madrilera hurbildu ziren gazteei eskaini zitzaien erakusketa handietako bat izan zen. Azkenean, erakusketa Xabierko Santutegian geratuko da behin betiko, mundu osoko kristauentzat horren kuttuna den leku honetara datozen milaka erromesek gozatu ahal izan dezaten.
Ez zen posible beste kokapen hobeagorik, historiako une zirraragarrienetako batean Jesusen Lagundiak burutu zuen jarduera misiolaria azaltzen duen erakusketa batentzat. Bultzada misiolari horrek, hementxe du hain zuzen bere abiapuntua, Xabierko Frantzisko, misiolari jesuiten zerrenda luzean lehenengoa izan zena jaiotzen ikusi zuen gaztelu honetantxe.
Erredukzioak eta Paraguaiko misio jesuitak (1609-1769) Jesusen Lagundiak Portugal eta Espainiak konkistaturiko lurretan sustatu zituzten indio guaranien asentamenduak izan ziren. Helburua pertsona eta koroaren mendeko bezala beren identitatea babestea zen. Halaxe, aurretik mendietan eta talde txikitan sakabanaturik beren ohitura zaharren arabera bizi ziren indioak, jesuiten ekimenez elkartzen joan ziren gutxi gora behera 5.000 indioz osaturiko asentamenduak osatuz. Erraz gogoratuko dute askok zer ziren erredukzioak Roland Joffé zinemagileak zuzenduriko eta besteak beste Robert de Niro eta Jeremy Ironsek antzezturiko “Misioa” (1986) filmari esker.
Guztira guarani herrien 30 erredukzio izatera iritxi ziren; Parana eta Uruguay ibaien eta gaur egungo Paraguay eta Argentinaren zati diren eremu zabal baten artean (Corrientes, Misiones, Entre Ríos eta baita Chaco eta Formosa lurraldeen zatiak); Brasilgo hego eta hego-ekialdean (Río Grande, Santa Catarina, Paraná eta Mato Grosso del Sur); eta Bolivia eta Uruguaiko hego-ekialdea. Erakusketa honek guztiak kontuan hartzen baditu ere, Paraguaiko lurraldean kokaturikoak azaltzen ditu gehiago.
Jesusen Lagundiak indigenekin burutzen duen lana ez zen Erredukzioekin amaitu. Oraindik dirau. Adibideak mundu guztian aurkitzen ditugu: Amazoniako jesuita multzo ibiltaria, Bolivia eta Venezuelako indigenekin lana, Indiako adivasiekin, Malasiako komunitateekin; Australiako indigenekin, edo Ontariokioekin (Canada). Loiolako Probintzian (Nafarroa eta Euskadi) ALBOAN Jesusen Lagundiko GKEa da zeregin honen ardura daramana, hainbat komunitate indigenei beren giza garapenean eta bizitza duin baten aldeko borrokan lagunduz.
Herri indigenekiko jesuiten konpromisoak dimentsio pastorala, soziala eta politikoa batzen ditu. Eta bizia ematerainoko konpromisoa da gainera Vicente Cañas jesuita espainiarraren adibideak erakusten duen moduan. Hau Enawenê Nawê Brasikgo Amazoniako indigenekin bizitzera joan zen eta indioei lurrak kendu nahi zizkieten lurjabeek hil zuten 1987ko apirilaren 6an.