Euskaraz
Noticias
18 de Marzo de 2017
Adiskidetze eta justizia misioa Loiolako Lurralde Plataforman

Loiolako Lurralde Plataformako erakunde guztietatik etorritako ehun pertsonatik gora elkartu ziren martxoaren 17 eta 18an Loiolako Santutegian, plataformako Topaketa Apostolikoaren edizio berri batean parte hartzeko. Aurtengo gaia honakoa zen: “Gure adiskidetze eta justizia misioa”. Azken kongregazio nagusiak adiskidetzeren gaiari eman dion garrantziaren ondorioz, adiskidetze kontzeptuak gure artean izaten duena baino sakontasun handiagoa hartu zuen ostiralean bertan ETAren armagabetzearen inguruan jasotako berria guztion ahotan izan genuen.

Lurralde Plataformako delegatu Jaime Oraaren agurraren ondoren, Europa mailako Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitaren (JRS) zuzendari Jose Ignacio Garciak adiskidetzeari buruz gogoeta egin zuen azken kongregazio nagusien argitan. Nahasgarria izan daitekeen “adiskidetze” hitz polisemiko horren arriskuak ezkutatu gabe, Lagundia hitzari eduki eta zehaztasuna nola ematen ari zaion azaldu zuen. “Adiskidetze eta justizia” bikotearen bidez, ebanjelizazioa eta fedea adiskidetze modura uler daitezke. 

Larunbatean, Elias Lopezek hitzaldi bat eskaini zigun berak ondo ezagutzen dituen gatazka desberdinetako adiskidetzeei buruz. Abiapuntu modura Ignaziorekin “zauria ukitzen ikasi” behar dugula esan zuen. Lopezek kristau barkamen sakramentuaren pausuak eta gaur egun aipatzen den justizia trantsizionalak jasotzen dituenak antzekoak direla ohartarazi zuen: egia, erantzukizun penala, erreparazioa, eta adiskidetzea/absoluzioa. Antzekotasun horrek adierazten digu esperientzia horretan sakoneko ezaugarri antropologiko unibertsalak daudela. Azkenik, probintzia mailan adiskidetzearen inguruan egiten ari diren hainbat ekimen errepasatu zituen Lopezek: ikerketa proiektuak, dokumentuak, eragileen trebakuntza, gogo-jardunak, etab.

Jarraian, Loiolako Lurralde Plataforman egiten diren esperientziak partekatzeko aukera izan genuen: Manu Arruek Bilboko Gotzaindegiko bake eta adiskidetze arduradun modura egiten duen lanaz hitz egin zigun, eta Jon Casado, Itziar Navarro eta Jose Antonio Marinek Deustuko Unibertsitatean, beste gizarte erakundeekin lankidetzan, egiten diren esperientziak azaldu zizkiguten. Euskadiko biolentziaren biktimekin egindako topaketa mota desberdinek protagonismo berezia izan zuten.

Azkenik Javier Arellanok eta Jaime Oraak Loiolako Lurralde Plataformako adiskidetze proiektua aurkeztu zuten. Proiektu honek hiru helburu ditu: Lagundiaren erakundeetan memoria prozesuak martxan jartzea, gaur egun gertatzen diren biktimizazioak aztertzea, eta adiskidetzearen espiritualtasun alorreko lana. Lehenengo ekimena, datorren ikasturtean martxan jarriko dena, erakundeetan lantaldeak osatzea izango da, Deustuko Etika Aplikatuko Zentroaren laguntzaz, Euskadik pairatutako terrorismoari buruzko memoriak jasoko dituzten dokumentuak idazteko.

Lurralde Plataformako topaketa hau apostolutza desberdinek partekatzen dugun misioa antzemateko aukera ezin hobea izan zen, eta, beti bezala, ospakizunerako, elkarrekin gustura egoteko eta egindako bidearengatik eskerrak emateko aitzakia.

Castellano

Volver
Mensajero Facebook banner
Egunean eguneko Ebanjelioa 2017 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Inicio  -  Contacto  -  Web oficial de la Plataforma territorial de Loyola. Compañía de Jesús - 2017