Castellano
     
  MISIOA

 

Loiola Probintziaren Misioa da pertsona eta taldeei laguntzea Jesusen Jainkoarekin topo egiten: denok maite gaituen Jainkoa, Erreinuaren justizia ekartzen ahalegintzen dena eta elkartasunean bizitzeko dei egiten diguna.

Gure eginkizuna gauzatzeko, Ebanjelioa zabaltzen dugu eta gure testigantza eskaintzen (norberarena, komunitatearena eta erakunde osoarena), etengabeko bihurtze-prozesuan murgildurik.

Elizari egin diezaiokegun zerbitzurik hoberena dugu gure misio hau.

 
  IRUDIA

 

Guretzat bilatzen dugun irudia da pertsona-, elkarte- eta erakunde-multzoa izatea, eta Jainkoarekiko esperientzi sakona abiapuntu harturik,

– Sinesgarri dena Ebanjelioa aldarrikatzen eta Jainkoa ezagutzeko bidea ematen duenean, sinesgabetasuna nagusi den gizarte honetan.
– Gizartean ezaguna dena pobreen kausak Jainkoaren kausatzat aldarrikatzen dituelako.
– Eliza irekia, plurala eta gizartearekin harremanetan dagoena bultzatzen duena.
– Gizartea baketzeko, berradiskidetzeko eta bizikidetza sustatzeko ahaleginak egiten dituena Loiola Probintziako lurraldeetan.
– Jainkoaren Erreinua eraikitzen lagun dezaten kristau-bokazioak bilatu eta sustatzen dituena –Jesulagundirako bereziki–.
– Eginkizun berarekin jesuitez eta laikoz –gizonak eta emakumeak– osatutako subjektu apostolikoa eratzen duena.
– Ikuspegi kritikoa eta gizartea aldatzeko gogoa duten gizon-emakumeak hezitzen dituena, besteentzako jardungo dutenak.
– Bere ingurunean esanguratsuak diren solidaritza-elkarteak eraikitzen dituena.
– Aniztasun linguistikoa eta kulturala aberasgarritzat hartzen dituena, eta horretarako, elebiduna izatea ezinbestekoa duena.
– Hezkuntza, jakintza, kultura eta komunikazioa sustatzen dituena, fedearen eta kulturaren arteko elkarrizketak dakarren gizatasun-prozesuko ondasun sozialak baitira.

 
  OINARRIZKO LEHENTASUNAK

 

Helburu hori lortzeko bidean, Loiola Probintziak oinarrizko lehentasun hauek bultzatuko ditu (1):

1. Lehentasuna: Izatea lantzea

‘Izaten’ lagunduko digun bizimodua sustatuko du, ‘egitearen’ basoan gal ez gaitezen.
– Otoitzari eta hausnarketari behar duen denbora eskainiz.

– Norberaren esperientziak fedearen ikuspuntutik besteekin partekatzeko esparruak bilatuz.
– Adiskidetasuna zainduz, bereziki jesulagun helduei eta gaixoekin, baita beste jendearekikoa ere.
– Atsedenerako denbora hartuz, bai norberak bai komunitate osoak.
– Etengabe eguneratuz eta hobetuz gure prestakuntza sozial, espiritual eta teologikoa, baita giza trebakuntza ere. 

2. Lehentasuna: Elkarteak

Bultzatu eta sortuko ditu elkarteak honako ezaugarriekin: leku xumeetan sartuta, gertua eta harrera berokoa baztertuekin, anaitasunezkoa eta luxurik gabekoa eta fedea partekatzeko aproposa. Espiritu horrekin bultzatuko ditu elkarte guztien berrikuntza eta elkartasun-giroa.

3. Lehentasuna: Bizitza eta lanarekiko jarrera 

Bizitzeko eta lanerako jarrera hauek bultzatuko ditu:

– Norbera eta elkarte diszernimendua, besteekin batera Jainkoaren borondatea aurkitzeko.
– Prestutasuna, malgutasuna eta aldaketarako prest izatea.
– Zerbitzua dohainik eta askatasun osoz egitea.
– Taldeko lana bultzatzen eta ahalbidetzen duten jarrerak: besteei entzutea, elkarrekin komunikatzea, elkarrizketa, gozotasuna harremanetan, metodoak berritzea eta lidergoak partekatzea.
– Elizako partaide leial izatea, ikuspegi kritikoz betiere, elkarrizketari ateak zabalduz eta lekuan lekuko Elizarekin konprometituz.
– Lagundiaren unibertsaltasunaz ohartzea, baita haren eginkizun apostolikoez ere.

4. Lehentasuna: Subjektu apostoliko probintziala

Subjektu apostoliko eta probintziala diseinatu eta eratuko du. Subjektu hori jesulagunek eta laikoek osatua izango da.

– Subjektu apostolikoari dagokionez, jesuiten eta laikoen eginkizuna argituz, norberaren bokazioaren arabera betiere.
– Diszernimendua elkarrekin eginez.
– Lan-taldeak osatuz.
– Ikuspegiak, itxaropenak, irizpideak eta elkarrekiko konpromisoak partekatuz, eta baita arrakastak zein porrotak ere elkarrekin ospatuz.
– Konpartitzen dugun nortasun eta misioaz heziketa emanez bai jesuitei bai gurekin ari diren laikoei.
– Jesulagundiarekiko harreman-modu berriak irekiz eta eskainiz laikoei.
– Obra eta sektoreen arteko komunikazioa eta sinergiak bultzatuz, askatasunez eta sektore guztien artean erabakitzeko non aritu behar dugun eta non ez.

5. Lehentasuna: Espiritualtasuna 

Bereziki landuko du San Inazioren espiritualtasuna, geure karisma, Gogo Jardunak, laguntza eta hausnarketa baloratuz.

– Arlo horretako geure trebakuntza zainduz.
– Jainkoarekiko topaketarako esperientzi berriak asmatuz.
– San Inazioren ikasbideak irakasteko prozesuak bultzatuz.
– Loiola eta Xabier Jainkoarekin egoteko lekutzat, San Inazioren espiritualtasun-zentrotzat eta Jesulagundiaren egungo eginkizunaren hedalekutzat sustatuz.

6. Lehentasuna: Justizia 

Justiziaren eta elkartasunaren aldeko lanarekin konprometituko da, gure fedearekiko lotura azalduz.
– Pobreen kausak eta itxaropenak geureak eginez, eta haiekiko hurbiltasuna eta konpromiso publikoa areagotuz.
– Justiziaren alde diharduten erakundeak indartuz, eta espiritu horrekin Probintziako sektore eta obra guztiak hornituz.
– Behartsuenen aldeko sektore eta erakundeen arteko proiektuak sustatuz, justiziaren alde diharduten beste erakunde batzuekin (Elizakoak nahiz gizartekoak) harremanak mantenduz.
– Injustiziari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatuz, haren oinarri kulturalak ere kontuan hartuz.
– Fedearen eta justiziaren arteko loturari arreta berezia egiten dioten espiritualtasuna eta hausnarketa teologikoa bultzatuz.
– Alor horretan egiten diren aurrerapenak elkarrekin ospatuz.

7. Lehentasuna: Kultura 

Gure gizarteko kultur aniztasuna onartu eta estimatuko du, eta arreta berezia egingo dio euskal kulturari.

– Probintziako jesulagunak, komunitateak eta obrak euskal kulturan eta hizkuntzan murgilduz, lekuan lekuko berezitasunak kontuan hartuz.
– Euskara ikasteko, erabiltzeko eta hobetzeko euskal hiztunen komunitateak sortuz.
– Heziketan dauden jesulagunak bi hizkuntza ofizialetan jarduteko eta bizitzeko prestatuz.

8. Lehentasuna: Heziketa 

Ebanjelioko balioetan oinarritutako hezkuntza bultzatuko du, hots, gizon-emakume libreak, errukiorrak, buruz jantziak, elkarlanerako prest daudenak eta munduarekin konprometituak heziko ditu.

– Giza existentziaren zentzu transzendentea eskainiz, eta baita bizitzaren ikuspegi kristaua ere.
– San Inazioren printzipio pedagogikoak erabiliz.
– Gaitasun kritikoa eta gizartea aldatzeko nahia sustatuz.
– Gizabidea eta kulturen arteko harremanak sustatuz.
– Erakundeetan komunitatea eraikitzeko eta partaidetza eta erantzukizuna bultzatzeko dinamikak sustatuz.

9. Lehentasuna: Bakea eta berradiskidetzea

Bakearen eta berradiskidetze sozialaren alde tinko konprometituko ditu jesuitak, elkarteak, sektoreak eta erakundeak.

– Kultura demokratikoa bultzatuz, hau da, elkarrizketa, parte-hartzea eta giza eskubideak (norbanakoenak eta kolektiboak) errespetatzearen aldekoa.
– Gatazkak Gizartea aldatzeko eta hobetzeko aukeratzat hartuz.
– Biktima guztiekiko elkartasuna, kultur nortasun ezberdinen arteko bizikidetza, aniztasunaren balioa, aurkarien arteko adiskidetzea eta bake-kultura bultzatuz.

10. Lehentasuna: Kristau bokazioak 

Laikoen nahiz jesulagunen kristau-bokazioak bultzatzeko konpromisoa hartuko du (norberak, elkarteek eta erakundeak).

– Bizitzaren zentzua aurkitzeko prozesuak bultzatuz.
– Fedean hazteko prozesuak bultzatuz (pertsonalak eta elkartekoak), gazteekin batez ere.
Eta, bereziki:
– Jesulagundian bizitzeko gogoa sustatuz. Horretarako, gure bizimodua eta aukera apostolikoak gardentasun osoz erakutsi behar dugu, baita horrek norberarentzat, gizartearentzat eta Elizarentzat duen garrantzia ere.
– Hurbiltasuna eta elkarrizketa espiritualaren bidez hurbildu behar gatzaizkie hautagaiei, eta zabaldu egin behar dizkiegu gure elkarteak.
– Bokazioa adierazi dutenei laguntza emanez
.


1) Lehenengo biak Loiola Probintziako jesulagunentzat dira. Hurrrengo zortziak Probintzia osoarentzat dira: jesulagun, elkarte eta obrentzat eta baita gurekin lan egiten duten laikoentzat.

2009 Probintziako Egitasmoa

 

 
Crisis Prolongada, Solidarid Reforzada
LOIOLAETXEA EUSKAL TELEBISTAN
 -  Contacto  -  Página web oficial de la Providencia de Loyola - 2012