Castellano
 
 LEKUKOTZA

 

MICHAEL PASTOR 
Bilbon jaioa naiz eta mugimendu eskautetik nator. Bertan hazi zen nire kristautasuna. Hantxe jarri ninduten nire gurasoek, garai aldakorretako sinestedun zintzoak. Familian eta eskauten munduan bizi izandakoak, munduan nire tokia zein zen galdetzera eta bilatzera eraman ninduen. Funtsezkoak izan ziren Gogo-jardunak, Inazioren izpiritualtasunaren zutoinak bai jesuitengan bai CVX talde laikoetan. Hantxe ibili nintzen ni, CVXen.

1996 aldera Zaragozara joan nintzen, Jesuiten nobiziatura. Orduan hasi nintzen ikusten zein zen nire bidea. Urtero aurrera jarraitzeko erabakia sendotuta nabaritu dut nire baitan, Teologia ikasiz bai Bilbon, Enpresaritza ikasi nuen Unibertsitate berean, bai Donostian ondoren, non egiaztatu dudan misioak bere moldeak dituela eta konfidantza handia izan behar dela. Nire iritziz ausardia handia da apaiz ordena hartzea Jainkoaren eta gizon-emakumeen zerbitzura. Eta ausarta naiz sentitu dudalako hala izan nadin eskatu didazuela zuek eta Jainkoak. Behin batean Jainkoa galtzeko beldurra eta egonezin larria nabaritu nituen. Gogo-jardunetan otoitz egiten ari nintzela gertatu zitzaidan hori. Eta zerbaitek edo Norbaitek nire barrua zabalarazi zidan eta uste ona piztu. Beste batean ikara bera sentitu nuen baina halako larritasunik gabe. Nire artean nioen: «Ea orain zure aldeko hautua egin dudanean hutsa zaren, ez zaren existitzen». Eta berriro, zerbaitek edo Norbaitek nire barrua zabaldu eta konfidantza eman zidan. Handik aurrera honela bizi naiz: zabalik eta uste onez, eta batez ere bizitzaren, fedearen eta arrazoiaren oparia eskertuz, beldurrik gabe. Opari hau da, 33 urtetan, apaiz eginez Jainkoaren eta zuen zerbitzari izaten saiatzera bultzatzen nauena. Eta hain ausarta izanarazten nauena.
Senide-besarkada bat.  

PELLO AZPITARTE


Nor naiz ni? 
Nire izena Pedro Azpitarte Iribar da. Lagunek Pello deitzen didate. Donostiarra, lau senidetan zaharrena naiz eta 32 urte ditut. Gainera, jesuita naiz eta urte hauetan Durangoko San Jose-Jesuitak ikastetxean nabil eskolak ematen eta ikastetxearen pastoral-arloan laguntzen.

Nola iritsi naiz hona? 
Uste dut nire bizitza, beste guztiena bezalaxe, urtez urte Jainkoak burutu duen mirari txiki bat dela. Familia on bat eman zidan pertsona izaten erakutsi didana, maitatzeko eta maitatua izateko gai naizela erakutsi didan familia. Lagun onak ere eman dizkit, egiazko lagunak, ondo pasatzen dakitenak bakarrik ez, beharrean dagoenari laguntzen diotenak ere badira. Merezi gabeko heziketa ere eman dit: ezin ditut ahaztu jesuiten Donostiako San Inazio ikastetxean egin nituen 12 urteak. Han ezagutu nuen nire burua hobeto, baina ikasi dudan gauza nagusia izan da besteei zerbitzu egiteak nauela zoriontsu egiten. Entrenatzaile izan nintzen –ez oso ona, egia esan– eta aisialdiko begirale ere bai. Kanpaldian, Ezkaurreren magalean, zorionetik hurbil senti nintzen, neska-mutikoekin, lagunekin, beste era bateko bizitza posible dela erakusten duen elkartea eratuz, beste mundu bat posible dela esateraino. Mirariak ez ziren amaitu. Gaztaroko krisialdi batetik altxa ninduen eta emeki-emeki nire ibilbidean nire bizitzaren helmuga erakutsi zidan: Jesusen Lagundia.

 

Zergatik jesuita? 
Batzuetan esan ohi dut Lagundiaren umea naizela: 12 urte jesuiten eskolan, gero CVX taldean, eta beti ikastetxearen ingurumarian. Baina horrek Jesusen Lagundiaren berri nuela besterik ez du adierazten. Badira hiru arrazoi nagusi Lagundira hain atxikita egoteko: lehena, besteen zerbitzura edo besteei laguntzera emana egotea da, batez ere hezkuntza-alorrean; bigarrena, aukera hau zehazten duena, taldean laguntzen saiatzea da, elkarte egituratu baten barruan, izan ere nire baitan sumatzen bainuen egitura bat behar dudala nire onena garatzeko; eta hirugarren arrazoia, arrazoirik nagusiena, zera da: Jainkoak, Jesusek era berezian maite nauela sentitzea eta gisa horretan maitasuna sentitzea. Behar bada azken motibo hau izango da azaltzen zailena baina nire iritziz bera da besteak bizkortzen dituena. Oraindik garbi gogoratzen dut 1995ean, Loiolan Jesusen Lagundian sartzea nola eskatu nuen.Pello, erdikoa

Zergatik apaiz? 
Ez naiz zerbitua izatera etorri, zerbitzera baizik da gure gonbitearen goiburua. Goiburu honek erakusten du zein eratako apaizgora deitua nagoen. Jesuitaren apaizgoak misioa du berezitasun propio, eta hortik ulertzen dira apaiz izatearen beste alderdi batzuk, esate baterako ebanjelioa, berri ona hots egitea, elkarteak bizitzea, eta egun hauetan batez ere adiskidetzea, bakeak egitea nabarmendu nahi dut. Guztiok dugu hausturaren esperientzia. Haustura gure bihotzean, familian, gizartean, injustiziaz banatutako munduan. Nik, urte hauetan, bizitza gozatzen hasi aurretik bizitza urraturik duten nerabeen esperientzia bizi dut. Horrek guztiak adierazten dit apaiz izateak zentzua duela eta apaiz-misioa adiskidetzearen premia, itxaropenezko mintzoa eta berri onaren beharra duen munduaren esperientziatik betetzera deitua sentitzen naiz. Baita ere, batasun sakramentua emateko zailtasuna duen Eliza zerbitzatzera deitua sentitzen naiz.

Opari hau, Jaunaren mirari hau, bitarteko askori esker burutzen da. Gurasoak, senideak, jesuitak, toxikomanoak, presoak, lagunak, etorkinak... horiek guztiek azaldu didate Jaunaren aurpegia. Jaunaren aurpegia horiengan ikusiz, beren bidearen arrastoan gero eta gehiago sartzera konprometitzen naiz, hemendik aurrera jesuita eta apaiz izanez.

 
JAVIER CASTILLO SJ (NAVARRA TV)
Mensajero Facebook banner
Hasiera  -  Kontaktua  -  Página web oficial de la Providencia de Loyola - 2013